XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

gaurko euskal-emakumeak bi EZ ematen ditu EZ BASERRIARI

Gure Euskalerriko inguru guzietan entzuten dana: Baserrietako maiorazgoak mutilzartzen ari zaizkigu, ezkontzeko esperantzarik gabe; neskatxik ez dago baserrira ezkondu nai duanik.

Eta, zoritxarrez, egi asko dago esan oietan.

Alako erri artan irurogei mutilzar dauzkate eta neskazarrik ia batere ez.

Aspalditxotik ango neskatxak kale-bidea artu zuten: lana, jolasa, lagunak ta dena kalean billatu naiarekin.

Zergatik eta nundik baserriaren ondamendi au datorren jakin eta pentsatu egin bear genduke.

Baserriko mutillaren kultura edo jakituria eskaxa dalako ote da? Ez orixe.

Kaleko beste mutillak aña badira baserriko maiorazgo oietatik asko.

Gañera, dudarik gabe, maiorazgo orrekin ezkonduko liraken neskatxak badira, ezkontza ori bera kalera egingo balitz.

Baserria urruti edo mendian dagolako ote da? Ezta.

Zenbait baserritan kamioa ta automobilla ta etxe inguru ederra badituzte.

Alaz guztiz ere, maiorazgoa... bakarrik.

Baserrian egin bear dan eskulanagatik ote da? Ezta ori ere.

Kalean diran lan asko ez dira txukunagoak, ez ariñagoak ta ez ederragoak.

Gogoratu goizeko seiretan sartzen diran erreleboak eta zenbait fabriketan egin bear izaten diran lan askoren zikiña, usaia eta aspergarritasuna.

Gure gaurko emakumeak baserriari dion maitasun-eza beste nunbait billatu bear dala, uste degu.

1. Begira, lenengotik, baserrira dijoan andrearen bakardadea.

Lagunarte aundian oitutako neskatxak iñolaz ere maite ezin duan bakardadea.

Nola edo ala arindu bear litzaken bakardade izugarria.

Baserriko andreak senarrarekin bat-egiñak ikusi nai genituzke bai etxeko arazoetan ta bai etxetik kanpoko ibillaldietan.

Bat egiñago baita ere auzoko beste etxekoandreekin.

2. Nekazari-errietan baserriko etxekoandreak, errialdeko goraberak zuzendu-bear ontan, sartuago ta eskubidetsuago ikusi bear genituzke.

Ez dira neskame batzuk.

Eta erri artan sortzen diran zenbait problema emakume auen iritzi ta alkarteko jardunarekin konpondu bear dira.

Zergatik gure erriak ainbeste zokoratu dituzte beren etxekoandreak? Auen alkartasunak sortu bear dira eta zor zaien malla ta gizarteko influenzia kendu egin diegu, bai, ta len bait-len ori dena itzuli egin bear zaie.

3. Kaleko bizimodu ta lanarekin baño egokiago osotu leike emakumea, baserrian ondo erartutako lanarekin.

Ez lan gogorregirik, ez lan desegokirik emakumearentzat.

Baserriko andreak bere burua ta adimena azierazteko millaka okasio ditu bere etxe inguruan; pentsamentu aundietan ibiltzeko astia ta gauzak daramazki bere bizitan; etxe ta etxe-inguruko baratz, atari, lore, sukalde, animalitxo ta bizi-eraketak millaka iniziatibaz aberastu lezaiokete irudimena.

Orretzaz gañera, lan ezberdin askotan jokatu bear izaten dualako, bere personatuna osotzeko bide txit egokian dagola baserriko etxekoandrea, ezin ukatu.

Mendiak, loreak, lurrarekiko artu-emanak, izadi garbiarekin tratau bearrak... emakume oni kultura berexi bat eman egingo diote.

Baña, ortarako, prestaera aundi bat bear.

Gorputzez, buruz eta espirituz baserriko bizitza era-berritu batekin gure emakumeak gustatu ditezen.

Prestaera oni nork emango? Baserritik kanpo bizi geranok, ezin.

Baserrian bokazio on eta atsegingarri bat arkitu duten oietxek ta obe eurak ere emakumeak baldin badira egin bearko luteken lana da ori.

Guri ez ligukete sinistuko.

Emen ere bizitzazko testimonio bat bear.

Eta badira gure artean batzuen batzuk.

Eta asiko al gera gure gaurko euskal-emakumeak dioten bigarren EZ ori aitatzen? Monjatzari EZ, alegia.

Luzegi joango litzake gaur.

Eta arazo ori urrengo GOIZ ARGI-rako utzi egingo degu A. Agirretxek.